«Ez dugu ezer ezkutatzen; dagoena erakusten dugu»
Alvaro E. Olaiz eta Victor J. Aspe, Impact Hubeko kideak
Donostia ondo ezagutzen dute bi arkitektoek. Pasioz hitz egiten dute hirigintzaz eta auzoez. Larunbatean Añorgan izango dira, Jane Jacobs urbanistaren omenezko ibilaldian.
Nola hasi ziren Jane-en ibilaldiak Donostian?
Alvaro E. Olaiz (A.E.O.): Josune Razkin Impact Hubeko kideak proposatu zidan Donostiakoa antolatzeko, 2012an. Arkitektoa naizenez, pertsona aproposa nintzela esan zidan. Hark Madrilgoa egin zuen, soziologian, filosofian eta beste hainbat arlotan adituak ziren lagun batzuekin batera. Animatu nintzen, eta Egian egin nuen lehendabizikoa, eta erronka bati heldu nion: hirigintza eta arkitektura ulertzeko moduan azaltzea. Jendeak uste du oso aspergarria dela, baina ibilaldi hartan konturatu nintzen jendeari gustatzen zitzaiola, eta interesgarria zela. Auzoari buruzko bitxikeriak eta historia asko kontatu nituen, jendearentzako atsegina izateko. Eta geroztik, premisa horretatik abiatuta, nik antolatu ditut Jane-en ibilaldiak,eta azken urteetan Victorrekin batera.
Victor J. Aspe: Niri asko gustatu zitzaizkidan, eta Alvarorekin bat egin nuen, duela bi urte. Amarakoan eta Grosekoan parte hartu nuen. Liluratzen nauena da jendeak ikusi, usaindu eta sentitu egiten dituela auzoak. Oinez ezagutzen dira auzoak, eta izugarri ikasten da.
Nola prestatzen dituzue ibilaldiak?
A.E.O.: Auzo bat aukeratzen dugu eta harremanetan jartzen gara bizilagunekin. Añorgan, esaterako, Gorga historia mintegiko kideekin egon gara.
V.J.A.: Boluntario gisa egiten dugun lana dela ikusten dutenean, eta batez ere, honen atzean erakunderik ez dagoela esaten diegunean, sekulako laguntza ematen digute, eta harrera ona egiten digute.Alvaro eta biok Donostiakoak gara, eta Jane Jacobsek The Death and Life of Great American Cities (hiri amerikar handien heriotza eta bizitza) liburuan azaltzen dituen ideia horietatik abiatuta, berehala detektatzen ditugu auzo baten on-gaitzak.
A.E.O.: Eta ibilaldietan ez dugu ezer ezkutatzen. Dagoena erakusten dugu. Larunbatean, Añorgan, autopistako bazterbidetik egingo dugu ibilbidearen zati bat.
V.J.A.: Añorgan jende askok Belartzako poligonora joan behar du zerbait erosi ahal izateko. Batzuentzako Mercadona ireki izana pozgarria izan da, baina hara iristeko autoa behar dute, edo bestela bazterbidetik joan behar dute oinez. Batzuek ez dute begi onez ikusi supermerkatu bat irekitzea, beste batzuek, ordea, lanpostuak sortu dituela uste dute. Gure helburua ez da ezer salatzea,ez diegu esaten zer dagoen ondo eta zer gaizki. Guk bere ezaugarriak zeintzuk diren aztertzen dugu. Bizilagunak dira kexatu behar direnak.
Eta Añorga, nolakoa da?
A.E.O.: Añorga zatituta dago. Hain zuzen, Lurraren Legeak debekatu egiten du hori egitea. Gaur egun honelako hirigintza ez da onartzen. Esan daiteke lehen aldiz hiritik aldentzen garela, urbanizatu gabeko auzo batera joateko. Kasu honetan argi dago langile auzo bat dela, enpresa batek eraikitakoa. Lantegia eraiki arte auzo horretan soilik baserria zeuden. Ibilaldian denetik ikusiko dugu:?nekazaritza guneak, fabrikak, bolatokia, frontoia…
V.J.A.: Eta hori guztia zergatik gertatu den azalduko dugu. Eta bizilagunek eta ibilaldian parte hartzen dutenek ere bai. Hau ez baita bisita gidatu bat.
A.E.O.: Guk ez ditugu konponbideak ematen, eta normalean ez naiz gehiegi bustitzen. Iritzia eskatzen badidate, orduan bai. Egiakoan adibidez batek galdetu zidan ea zer iruditzen zitzaidan Atotxako dorrea. Eta esan nion, ba arkitektonikoki zoragarria zela, baina urbanistikoki ez horrenbeste. Halere, badira Atotxakoa baino okerragoak, baina gehien ikusten den eraikina denez, ba… Kritika gehien dituena da.
Eztabaida interesgarriak sortuko dira, ezta?
A.E.O.: Iaz, esaterako, Groseko ibilaldian ondarearen gaia izan zen nagusi. Pil-pilean zegoen ondarearen inguruko afera, Mirakruz 19 eraikina bere horretan uzteko mobilizazioak egiten ari ziren eta. Añorgan ikusiko dugu zer gertatzen den.
V.J.A.: Guk parte hartzaileei tresna batzuk ematen dizkiegu, hiriaren inguruko gogoeta egiteko, «hau itsusia da» edo «hau polita da» esatetik harago joateko. Nik beti esaten dut beharrezkoa dela informazioa izatea, ikastea, eta batez ere ezagutzea. Oso ohikoa baita ia ezer jakin gabe iritzia ematea. Bakoitzak gutxi gora behera badaki nolako hiria nahi duen, baina alde guztiak entzun behar dira. Jendeari agian oso idilikoa eta ekologikoa irudituko zaio hiritik joatea eta nekazaritza gune batean bizitzea, baina hori egitea ez da batere iraunkorra. Dena aztertu behar da horrelako erabaki batek eragin dezakeena ikusteko.
Gaur egungo hiri ereduari erreparatuta, Jane Jacobsen zein ideia azpimarratu edo berreskuratuko zenukete?
V.J.A.: Komunitateak sortzearen ideia, hiriak elkarrekin bizitzeko espazioak izatea.
A. E. O: Konfiantzazko harremanak sortu ahal izatea bizilagunen artean. Zure etxe azpiko tabernan giltza batzuk utzi ahal izatea, mesede bat edo laguntza eskatu ahal izatea bizilagunari.
Auzoa esploratzeko ibilaldia
Esploratu maite duzun hiria lelopean, Añorgan zehar ibiliko dira bihar. Urtero antolatzen duten proposamena da: Jane-en ibilaldia edo Jane’s Walk izenekoa. Ahaztutako lekuak eta auzoei bizitza ematen dieten pertsonaiak ezagutzeko ibilaldia da. Mundu osoan Jane Jacobs urbanistaren omenez antolatzen diren ibilaldietako bat da Donostiakoa. Auzotarrak ahalduntzea da helburua, auzoaz hitz egitea. Donostian 2012an egin zuten lehen aldiz, Egian, eta geroztik, urtero hiriko auzo bat sakonean ezagutzeko aukera eman dute: Parte Zaharra, Altza, Loiola, Amara eta Gros, hurrenez hurren.
Añorgako Euskotreneko geralekuan elkartuko dira 9:30ean. Eta hemendik abiatu ondoren, Añorga Txiki, Atotxa Erreka, Belartza, Rekalde eta Añorgako frontoira joango dira. Nekazaritza guneak, azpiegiturak, merkataritza guneak, errepideak, kultur eta kirol guneak… Hirigintzari eta auzotarren bizimoduari eragiten dioten elementuak aztertuko dituzte ibilaldian. Edonork parte har dezake, eta edozein momentutan bat egin daiteke ibilaldiarekin. Maiatzaren 19rako bisita berezi bat prestatuko dute. Cementos Rezola lantegia eta harrobia ezagutzeko aukera izango da. Goizeko hamarretan geratuko dira.